XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bitxikeriak

Lehen portada.

1991eko maiatzean kaleratu zen estreineko aldiz GALTZAUNDI ALDIZKARIA.

Urduritasuna nagusi zen, eta lehenbiziko ale horretako portada betirako gogoan izango dugu aldizkariaren hastapenetan lan egin genuenok.

Oria ibaiko ahateen inguruan eginiko erreportaiak portada merezi zuela eta, hara non agertzen diren zubi berri azpiko sasiak, eta ahateak non zeuden?

Abenduak 28ko ale berezia.

Iazko urriko zenbakian portadan ustekabe galanta izan genuen, baina horretaz ere ohartu ginen zenbakia behin inprimatu eta gero.

Alegia, Urriak 28 ipini beharrean, abenduak 28 ageri zen eta beraz, atera kontuak... inoxente eguna aurreratu genuen Galtzaundikideok...

Gurrutxaga Abaltzisketako alkate.

48. zenbakian Abiadura Handiko Trenaren inguruan eginiko erreportaian Tolosaldeko alkateei egin galdeketan, Joxe Gurrutxaga akats bat medio Abaltzisketako alkate bezala ipini genuen.

Noski.

Tolosarren alkatea da Joxe.

Argazkirik gabe.

46. zenbakiko Kultur Leihoan Joxan Ormazabal elkarrizketatu genuen, baina oporrak zirela eta ez genuen lortu egunik elkarrizketatua erretratatzeko.

Horiek komeriak!

Azkenean besterik ezean Argia astekaria, Egunkaria eta Eginetik lorturiko argazkiekin osatu genuen elkarrizketa.

Elkarrizketa ingelesez.

Bigarren Gerrate Mundialean abiadore izandako Robert Leslie britaniarrarekin izandako solasaldia argitaratu genuen 45. alean.

Eneko Aranburuk eginiko elkarrizketa Galtzaundin ingelesez egiten zen lehena izan zen.

Galtzaundi ala Epaitegia?

Plaza berriko 1.eko bulegotik Nafarroa etorbideko 6.era joan ginen orain urtebete edo.

Orain dugun bulegoa ezagunagoa da orain oso gutxirarte epaitegia zelako.

Nonbait jendeari oharkabean pasa zaio Alhondigan epaitegi berria ipini dutela, eta oraindik jende asko etortzen zaigu epaitegiaz galdezka.

Oinezkoak gain, ertzainen patruila pare bat etorri izan dira erruz, atxilotuekin eta guzti...

Postal ugari.

Aldizkariaren bereizgarrienetako bat lehiaketaren atala bilakatu da.

Horren froga da hilabetero jasotzen ditugun postal kopurua da.

Igorleen artean badira oraindik lehiaketa irakurtzen dutenak, baina Galtzaundi hitza nola idazten den inongo erreparorik jartzen ez dutenak.

Esate baterako Galtz Aundi, Galtza Haundi eta horrelakoak jaso izan ditugu gure bulegoan.